2015(e)ko abenduaren 16(a), asteazkena

Emakumeak eta bertsolaritza

Ahozko euskal literatura ahoz ahoko transmisioan xedatzen den eta oroimenean oinarritzen den euskal literatura mota da. Gainontzeko hizkuntza gehientsuenetan legez, ahozko literatura idatzizkoa baino arinagotik existitzen da eta idatzizko literatura, hain zuzen ere, ahozkoan oinarriturik sortua da. Euskal Herrian, ahozko tradizio literario zabala eta anitza daukagu, hainbat iturritatik edan duena. Ahozko literatura honek idatzizkoaren parean irauten jakin izan du, idatzizkoak duen pisua guztiz esanguratsua izan arren. Tradizio horren baitan, besteak beste,  baladak zein erromantzeak, kopla zahar herrikoiak, sehaska kantak, tradiziozko ipuin eta kontakizunak, alegiak, kondaira edota elezaharrak, atsotitz edo esaera zaharrak, pastoralak, maskaradak, oles egiteko kantak eta marijesiak bereizten dira. Gaur egun, aldiz, euskal kantu edo abestiak eta bertsogintza dira ahoskotasunean oinarrituriko literaturaren islada garrantzitsu eta aktiboenak. Gure lana, azken honetan oinarrituko da eta emakumeak bertsolaritzaren munduan tradizioz izandako pisua eta gaur egun duen papera erakutsiko dugu.



Bertsogintza tradizioz gizonek burututako eta gizonentzako gorderiko esparrua izan da ahozko literaturaren muinean. Orain dela hainbat mendetatik, bertsolarien habitat ziren plaza zein tabernak bezalako eremuetan ez zen batere ohikoa emakumeen presentzia, garaiko gizarteko baloreekin bat ez zetorren-eta. Hori bai, honek ez du esan gura garai haietako ereduarekin apurtu eta bertsolaritzaren ingurunean parte hartu nahi izan zuen emakumezkorik egon ez zenik. Zoritxarrez, kasu isolatu samartzat hartu behar baditugu ere, emakume batzuek XVI. Mendean bai ezkontza zein hileta ospakizunetan abesten zuten. Hori bai, garaiko legediak hau eresia gisa interpretatu zuen eta azkar isilarazi zituzten. Bestalde, XIX. mendean ba omen zen Joxepa izeneko hondarribiar bat bertsotarako egundoko abileziaduna baina ez zioten uzten jardunaldi eta saio nagusienetan izena ematen. Honez gain, biziki deitu digu arreta 1895. urtean Antoine d` Abbadie (edo Antton Abadia) mezenas euskaltzaleak antolaturiko lore jokoak kari Ezpeletan bertso saio bat antolatu zen eta irabazlea (gainera modu errazean irabazi zuena) Kanboko Marie Argain izan zen. Guzti hauez gain, garaiko emakumeen izen urrien artean Hasparrengo Maria Echegaray –ren izena ere aurkitu dugu. Dena den, emakume hauen eragina mugatua eta isilarazia izan da eta hortaz Kristina Mardaraz har dezakegu emakume bertsolarien aitzindaritzat, ia-ia gaur egungotzat jo behar zaion arren. 


Bertsolaritzak garai ilunak bizi izan zituen nortasunean errotuta zeukan izate falozentrista zela eta. Hala ere, emakumeek bertsogintzara sartzea galarazten zizkieten paretak hausteari ekin zioten, pixkanaka jardunaren jardunaz emaitza positiboak erdietsiz. Gauzak horrela, eztabaidaezina da egun emakumeak bertsolaritzan duen tokia eta egin dituen ekarpenak.

Emakume izen ezagun mordoa dago bertso munduan, bai belaunaldi berrietatik datozenak zein beteranoak, esaterako: Iratxe Ibarra, Estitxu Arozena, Maialen Lujanbio, Arantzazu Loidi, Maialen Arzallus, Miren artetxe… Baina bereziki, izen zerrenda hau posible egin zuena Kristina Mardaras da, emakumezko bertsolaritzan aitzindari nagusia izandako iurretarra. Txikitatik Durangoko ikastolan bertsotan aritu bazen ere, ez zen plaza batera bertsotan atera 39 urte izan zituenera arte, 1983an. Modu honetan, honen atzetik etorriko ziren emakume bertsolariei ateak zabalik utzi zizkien. Mardarasek emakumearen kontzientzia zuen bertsolaritzan sartu zenean, eta emakumearen aldarrikapenak era desberdinetan adierazten zituen; janzkeran, gaietan… Berak esaten zuen moduan, etxeko lanak eginda eramaten zituen.

XX. mende erdialdean irten zen emakumea plazara Mardarasen aitzindaritzapean. Geroztik, bertsozale elkarteak egin dituen balorazioen arabera, prozesu luze eta kementsu baten ostean datuek bertso eskoletan ikasten duten haurren %47 neskaz osatuta egotea lortu izan da. Bertso saioetan ere, emakumeen presentziak badirudi gorantz egiten duela, oraindik %20koa den arren. Guztiz goraipagarria da Bertsozale Elkarteak berdintasunaren alde egin duen lana, elkartearen barruan Genero Taldea sortu zen 2008. urtean parekidetasunari bidea zabaltzeko bai bertsogintzan, ekimenetan, elkarteko egituraketan zein harremanetan. Mardarasekin batera, bertsolaritzan lehenengoko pausuak eman zituen emakumea Arantzazu Loidi izan zen. Etxean bertso giroan bizi zen eta hamabi urterekin  bertso munduan sakonago murgiltzen hasizen, ikastola eremuan. Beranduxeago, Eskolarteko Txapelketetan parte hartuko zuen eta bere hitzetan, zailtasunak izan zituen onarpena jasotzeko,  garai haietan bertsozaletasuna beste era batean ikusten baitzen, egundoko kontzientzia falta zela arrazoi.

Azkenik, Maialen Lujanbio hernaniarraren kasua ere nabarmentzekoa izan da, izan ere, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa nagusia irabazi baitzuen, historian zehar txapela jantziko zuen lehenengo emakume bilakatuz, 2009an. 2003an, ostera, Gipuzkoako Bertsolaritza Txapelketan irabazle suertatu zen.

Egungo gizarteak emakumea gizonaren mendeko tresna sexual hustzat dauka, eta bertsolaritzak erronka galanta suposatzen du gizartearen molde patriarkal hori hauste aldera. Izan ere, emakume bat bertsotan ari denean, gizonarekin gertatu legez, bere gorputzak ez du batere balio; dena da hitza, bertsoa. Han hasten da emakumearen berba azkartzen. Beraz, emakumeak bertsogintzan bere burua aditzera ematean, bizi dituen injustizia zein gorabeheren berri askatasunez emateko aukera eduki du. Fisikotasunak edota botere-erlazioek ez dute mundu honetan esku hartzerik, dena da bertsoa. Hortaz, bi generoek parekotasunez jokatzen dute eta dena dago norbere sorkuntza ahalmenaren mende.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina